Feeds:
Argitalpenak
Iruzkinak

Archive for the ‘Santiagobidea’ Category

Ez dut uste iaia ezertan aditua naizenik. Baina pentsatu dut polita izango litzatekeela Santiago bidea dela eta idatzitako guzti honi bukaera itxuroso bat ematea. Despistaturen bat edo hemendik badabil, jarrai diezaiola gezi horiari.

Entrenamendu fisikoa

Beharrezkoa al da? Ez. Jeje, ze uste zenuen? Arratera egunero lau aldiz igotzeko esango nuela? Ba ez.

Beharrezkoa al da? Norberaren araberakoa da kontua. Bidean zaudela ipurdiko eta bizkarreko minik izan nahi ez baduzu, hobe pixkat prestatzea. Ohitu bizikleta gainean ibiltzera. Pentsa etapak ez direla bi ordukoak izaten. Luzeagoak dira, baina askoz patxada handiagoarekin hartzen da, baita (hemen argazki bat atera, han zigilua jarri, hara zein eliza polita, …).

Denboraz juxtu xamar bazabiltza, aste pare bat lehenago ibiltzearekin nahikoa izan liteke. Bidea hastean, lehen hiru egunak gogorrak egingo zaizkizu. Lasai hartu. Laugarrenerako hobeto egongo zara. Batez ere Burgos pasa eta gero aldapa gutxiago dagoelako šŸ™‚ !.

Bizikletaz egin behar baduzu, probatu alforjekin ibiltzen. Pixkat harritzekoa da har dezaketen pixua.

Horretaz gain, ondo dago mendi bideetatik ibiltzea. Batez ere jaitsieretara ohitzeko.

Entrenamendu mentala

Fisikoa garrantzitsua da, baina buruak ez badu sinisten … jai daukazu. Santo Domingo de la Calzada inguruan tipo bat ezagutu nuen etsita zegoela, eta hori bigarren eguna zuela!?.

Burua ondo prestatu. Santiago bidea ez da lasterketa bat, baina askotan, hankak ez dabiltzanean oso santu, buruak egiten die tira gora eta behera. Lasai hartu behar da. Bideaz gozatu.

Informazioa

Internet informazioz betea dago, beraz, ez da beharrezkoa liburu bat erostea. Eroskiren webgunea oso ondo dago bai bidea ezagutzeko, bai albergeen informazioa lortzeko. Datu turistikoak ere jartzen dituzte.

Hori bai, eta hemen agian astakeria botako dut, ez kasurik egin irakurritakoari. Zergatik? Bidea, norberarena da, oso gauza pertsonala iruditzen zait.

Ikusi dudanarekin, zera esango nioke edonori: “Hasi ibiltzen (oinez edo bizikletaz), prestatua eraman ikusi dezakezuna, eta gozatu herritxo eta paisaiez, gozatu bidelagun izango dituzun erromesez, eta geratu gogoa daukazun leku hortan”.

Askotan, jendea herri nagusietan pilatzen da, gidak bertan geratzeko dioelako. Honek norberaren erritmoa aldatzen du eta, agian, bidea despertsonalizatzen du.

Nik uste dut hobe dela inori kasorik ez egitea. Irakurri eta entzun. Gauzak apuntatu eta ikasi ibilbidea. Baina, norberak egin dezala bere bidea.

Zenbat denboratan egin daiteke bizikletaz?

Ezagutzen dut tipo bat 3 egunean egin zuena. Bizkaia aldean uste det beste bat bazegoela 30 bat ordutan egin zuena.

Bidea norberarena da. Beraz, denbora ere, norberarena.

Nik bederatzi egunean egin nuen. Baina eguraldi bikaina izan nuelako. Euria egin izan balu, bideak lokaztuta egongo lirateke eta askoz mantsoago egingo nuke aurrera, beraz, egun pare bat gehiago.

Hamar edo hamaika egunean eginez gero, lasai asko ibil daiteke.

Noiz egin Santiago bidea

Txarrerako eta txarrerako, oporrak abuztuan izaten ditugu. Hauxe da sasoi txarrena Santiago bidea egiteko. Jende larregi.

Beroa ere faktore garrantzitsua da. Nik beroarekin… auskalo zenbat egun beharko nituzkeen (apusturik?).

Baina abuztuan ez egitearen aldeko argumentu nagusia jendea eta masifikazioa da. Bizikletaz zabiltzala, egin kontu aldapak azkar jeisten direla, eta oinezkoek normalean ez gaituzte entzuten, beraz era motelean jeisteko arriskuan egon liteke bizikletero erromesa.

Nik demaseko suertea eduki dut azaroan, beraz ez noa esatera hau dela sasoirik egokiena, baina… Egia esan, basoek orain duten koloreak… pena merezi du.

Bestalde, iraila, urria eta udaberria omen dira egokienak.

Bide batez, azaroa izan arren, alberge gehienak irekita zeuden eta ez dut inolako arazorik izan lo egiteko (hau Eroskiren webgunetik ondo ikasia eraman daiteke!).

Motxila edo alforjak

Hau da, eraman beharreko ekipaia.

Udazkenean joan behar nintzela eta, euriarentzako hamaika istorio neramatzan. Bat bera ere ez nuen erabili. Baina hobe eramatea.

Hauxe da eraman nuenaren gutxi gora beherako zerrenda:

  • Zira edo anoraka (gorputza zein hankentzako)
  • Neguko kulote luzeak
  • Neguko wind-stopper mailota
  • Mailot mauka luzeduna
  • Bi kamixeta termiko
  • Neguko eskularruak
  • Zapatilak euriarengandik babestekoa bi katxarro (ez dakit ze izen duten :-), zapatila kondoiak?)
  • Zapatila pare bat
  • Hiru galtzerdi pare
  • Txandala
  • Polarra
  • Kaleko kamixeta bat
  • Kantzontziloak (hobe ez esatea zenbat eraman nituen :-), tanga ere eramatea nahi baduzu egin kontu oso arina dela)
  • Txankletak
  • Buff bat
  • Txapela
  • Betaurrekoak
  • Lo egiteko zakua (udarako izara moduko zaku batekin nahikoa da)
  • Toalla
  • Garbitzeko gauzak (bai nere burua, zein arropa: albergeetan garbitu eta eskegi daiteke, amak ez du sinisten ordea!)
  • Gauerako argia (ez nuen erabili)
  • Erruberentzako ordezko kamerak (bloga irakurri baduzu… badakizu zer diodan, ezta?)
  • Argazki kamera
  • Mugikorra
  • Erromes kredentziala
  • Etapen informazioa
  • Irakurtzeko liburua
  • ta ez dakit zer gehiago, gogoratzen badut idatziko dut hementxe.
  • Bizikleta šŸ™‚

Eramateko materiala prestatzean, egin kontu bizkarrean edo bizikleta gainean ahalik eta pixu gutxien eramaten ahalegindu beharra dagoela. Oso oso garrantzitsua da. Oinez egin genuenean liburu bat eta guzti bota nuen pikutara (Manhattan Transfer, John Dos Passos; pentsa zelako kabreoa neraman hori egiteko).

Etxera buelta: bidaia eta bizikleta

Nola itzuli etxera? Aukera onena: trena. Lasai lasai zabiltza. Zazpi bat ordu. 40 euro inguru (uste det). Bertan zerbait jan daiteke, paseatu eta irakurri. Musika eramatea gomendagarria da plastaren bat ondoan suertatuz gero.

Bizikleta nola bidali etxera: bukatu aurretik, Monte do Gozo-ko albergetik pasa nintzen. Informazioa eskatu eta tipo baten telefonoa eman zidaten. Pixkat arraroa zirudien ze ez zen agentzia ez ezer. Baina merkea zen (35 bat euro). Deitu eta hoteletik pasa ziren bizikleta jasotzera. Hiru bat egunetan ekarri zidaten etxera.

Bukatzeko: jendea, barne bidaia eta liburu bat

Irakurtzea gustoko baduzu ondo etorriko zaizu. Egunak luzeak egiten dira. Beste erromesekin sortzen den giroa polita izaten da eta aprobetxatu beharra dago jendearekin hitzegiteko. Nere kasuan bezala bakarrik bazoaz, oso polita da batekin eta bestearekin hitzegitea. Bidearen gauzarik hoberenetariko bat horixe da, erromesen artean dagoen konplizitatea. Orokorrean, jende guztiak agurtuko zait: gehienek “buen camino” esanaz, eta bakarren batek “ultreia”, aspaldiko erromesek bata bestearik ziotena.

Barne bidaia, bake izpirituala. Behin lagun bati azaltzen ahalegindu nintzen. Uste det zorotzat hartu ninduela. Barne bidaia ez da biriketara eta gero este lodira bidaiatzea. Norberak egindako ibilbidean sentitzen duenaren ondorioz egiten duen aldaketa pertsonal eta emozionala izan daiteke (ostia, hau nik idatzi dut?). Halako esperientzi batek pixkat aldatu egiten zaituela uste det, beste gauza batzuk apreziatzen dituzu. Baten bat animatzen bada hau definitzera…

Ondorengo liburua eraman nuen: On the road (En el Camino), Jack Kerouac. Liburu aproposa. Oso interesgarria eta benetan gomendagarria. Hori bai dela barne bidaia. Ez baduzu irakurri, utziko dizut etxean dudana!.

Read Full Post »

Argazki gehiago

Etxean nagoela aprobetxatzen, argazki gehiago jarri ditut Flickr-eko kontuan.

Erakusle moduan, iritsi nintzenekoa:

heldu-naizela.jpg

Read Full Post »

Iritsi naizela!!! Joe, gaurkoa ere ez da xamurra izan. Baina azkenean hemen nago, Santiagon. Hotelean nago, A Tafona do Peregrino, benetan polita. Gero zerbait gehiago kontatuko dut. Baina iritsi naiz, jaso dut nere Compostelana ziurtagiria eta bizikleta etxera bidean da. Hau poza daukadana. Orain biharko bidaia prestatzea falta da.

—————

Gaurkoa, usainen eguna izan da.

Haseran, iaia Galizia osoan dagoen usain bera eduki dut, behikaka usaina. Palas de Reitik goizeko zortzirak eta hogei aldean atera naiz. Esan beharra daukat atzoko albergearena pixkat arraroa dela. Publikoa zen, Xuntak diruz ondo hornitua, antza. Iristean, ez nuen inor aurkitu. Zain egon nintzen, zarata pixkat nahita eginda. Baina ez zen inor ageri. Halako batean neska bat agertu zen, beste erromes bat, alemaniarra edo. Esan zidan nere datuak kuadernotxo batean idazteko eta ohea hartzeko. Eta nahi izanez gero, dirua sartu zitekeen kutxa batean. Ostalari fantasmaren bat egongo al zen? Sei pertsona besterik ez geunden bertan, beraz primeran.

Melide herrira dida batean iritsi naiz. Hankak ondo, bizkarra oraindik lo eta ipurdia lasai. Melideko olagarroak fama dauka, bereziki Ezequiel jatetxekoak, baina goizeko ordu horietan… ez ba, beste baterako utzi beharko.

Gaur ez naiz erori, ez dut gurpilik zulatu, etapa aspergarria? Ez, lasai, galdu egin naiz eta, berriz. Melidetik ateratzean gezi hori bat ez dut ikusi eta aurrera egin dut. Gustora nindoan, errepide polita zenez, bikain egiten zen aurrera, baina pixkat larrituta nengoen ez nuelako inolako seinalerik ikusten. Galego bati galdetu diot eta buelta erdi eman behar izan dut. Orduerdiko lanak kakatara. Beraz, kaka usaina.

Ibilian ibilian, eukalipto basoetan sartzen hasi naiz. Geroz eta kostalderago geroz eta ugariagoak dira halako basoak. Usain polita botatzen dute, birikak ondo irekitzeko modukoa.

Etapa, gaurkoan ere, gogortxoa, batez ere gorputz laztua dela eta. 73 kilometro inguru egin ditudala uste dut, baina galduta ibili naizenak hor sartu beharra daude (zazpi bat).

Gehienbat bideari jarraitu diot, baina behin edo behin errepidearen tentaldiari ezin izan diot muzin egin. Joe, zein ondo egiten den aurrera asfalto gainean.

Lavacollako aireportura gerturatzen ari nintzela itsaso usaia nabaritu dut. Hau agian aluzinazio bat izan da, itsasoa ez baitago horren gertu, baina salitre usaina etorri zait.

Monte do Gozo. Izena primeran jarria. Baina bertara iristea ederki kostatu zait. Atzokoaren tankerako etapa izan da gaurkoa, hankak hausten dituen horietakoa. Baina iritsi naiz Monto do Gozora eta Santiagora begiratu dut. Bertan deskargatu dut barruan neraman adrenalina garrasi eder batekin (Isi, ezagutzen dozu, udan bota neban berdina:).

Laster asko jetsi naiz Santiagora. Poz pozik. Alforjek ez zuten atzerantz tira egiten, ipurdia ixiltzen hasia zen eta bizkarra amaiera aurreikusiz lasaitzen hasia zegoen.

Obradoiroko plazan sartzean konturatu naiz oraingoan ez neukala nor besarkatu, udan bezala, eta hori bota dut faltan. Lehen aldiz, bakardade hau ez dut gustoko izan. Baina telefonoari esker, laster batean bete dut nolabaitean hutsunea.

Trenaren txartela erosi dut eta bidelagun izan dudan mandoa transportista bidez etxera bidean da jada. Afaltzeko beste kapritxo bat: A Curtidoria.

Bukatu aurretik, eskerrik asko idatzi didazuen guztioi. Bai komentarioetan (kuadrila preteknologikoa daukagu hortarako, Berriz eta Isi salbu), email, mezu eta deietan animoak ematearren eskerrik asko, benetan.

Santiagon gaztaina usaina dago, gaztaina erre usaina. Suposatzen dut Eibarren ere usain bera egongo dela. Hori bihar ikusiko dut.

Laster naiz zuekin.

Read Full Post »

Garagardo bat hartzen ari naiz Palas de Reiko taberna batean. Hau nekea daukadana. Baina oso gustora nago. Helmuga bertan dago. Santiago 67 kilometro ingurura omen dago. Ahal badut bihar bertan iritsiko naiz Compostelara.

Atzokoa baino gogorragoa izan da gaurko eguna. Suposatzen dut nekearen ondorio izan dela, baina goitibehera ugari eduki ditu gaurkoak eta horrek neka-neka eginda utzi nau.

Guztira 92 kilometro inguru izan dira eta 9 orduz jardun dut.

Hasiera polita izan da, Cebreirotik egunsentia ikusten zen eta ez zuen hotz larregi egiten. Jetsierarako 15 bat kilometro zeuden, gora eta behera. Argazkia hemen eta han. Eguneko unerik onenak egunsentia eta ilunabarra dira, zalantzarik gabe. Orduan ikusten dira kolorerik politenak.

Triacastelarako jetsiera azkarra eta hotza izan da. Hotz gehiago egiten zuen behean goian baino. Azkarra izan da jetsiera, gozatzeko modukoa. Hau guztia, errepidetik, noski. Bide trialeroa gerorako utzi dut.

Triacastelan bidea bitan banatzen da, San Xil gainetik edota Samos-eko monastegitik joan gintezke. Nik azken hau hartu dut, ezagutzen bainuen. Bide honek gauza txar bat dauka, kamioiak. Inguruetan harrobi bat dago eta bertatik ibiltzen dira bueltaka sarri. Hala ere, batzutan bidea eta errepidea banandu egiten dira eta oso leku ederretatik joateko aukera izan dut, pagadi eta intxaurrondoez betetako lekuak. Behin baino gehiagotan izan dut gurpila zulatzeko beldurra gaiztanera bat zapaldu eta gero.

Samoseko monastegia Galiziako zaharrenetarikoa da eta ikusteko modukoa da. Bertan lo egin liteke, baina ordutegi bitxia daukate, ez baitute zabaltzen arratsaldeko hirurak arte. Udan sekulako ilara zegoen sartzeko. Orain ni bakarrik negoen.

Zerbait jan eta gero aurrera egin dut Sarria herrira bidean. Teorian hemen geratu behar nuen gaur, baina eguerdiko hamabiak zirenez …. eta Santiago horren gertu izanda, eman egurra! eta aurrera jo dut.

Sarriatik Portomarinerako bidea Galizia salbajetik barrena doa. Behiak eta behi kaka besterik ez dago. Noizean behin bertako tipo edo amonaren bat ikusten da, baina ez dute kaso gehiegi egiten. Badirudi ez dutela arrotz jendea gustoko. Nahiago dute beraien betiko bizitan segi eta on Manueli botoa eman, ezta?

Uste baino gehiago kosta zait Portomarinera iristea. Pena eman dit MiƱo ikusteak. Portomarin herri berria da. Zaharra urtegi batek irentsi zuen 60. hamarkadan, edo halako zerbait. Gaur ordea herri zaharraren aztarnak ikus zitezkeen. Jende guztiak berdina dio, oso euri gutxi egin duela udatik honantz. Ea egun bat gehiago eusten dion eguraldiak, eta gero, egin dezala euria, baina bihar ez, ok Santi?

Portomarineko plazan bokadillo ederra jan eta Palaserako bidea hartu dut. Ipurdiko eta bizkarreko minak jota nengoen jada, eta askotan geratu behar izan dut mina lasaitu aldera.

Baina azkenean hemen naiz eta helmuga oso gertu ikusten dut. Gorputza seko mindua izan arren, barrenean kristoren poza daukat. Hori bai, itzulera nere fisioterapeutaren esku jarri behar naiz, beharra daukat eta. Maria, noiz daukazu libre?

Read Full Post »

Galizian nago!! Jada iritsi naiz Santiagoren eremuetara! GPSak dioenez 87 kilometro egin ditut. GPSa diot eta ez cuentakilometros-a ze azken hau Irozen erori nintzenean apurtu egin zen. Orain ordulari bezala bakarrik darabilt.

Beno, gaurkoa etapa politena izan da. Etapa reina! 87 kilometro eta bi mendate gogor, Cima Coppi barne.

Norbaitek Rabanalen lo egin behar badu, joan dadila Pilar albergera. Guztiz gomendagarria. Oso jatorra da bertako ostalaria. Pilar dauka izena eta umore onez badago beti dago bromak egiten. Atzo gauean ostalarien kontuak komentatu zizkigun beste erromes bati eta bioi. Beste erromes hau Lyon-dik dator. Honek ere hori potro parea. Irailaren bostean atera zen.

Mendi magalean nengoen berriz eta beldur nion haserari, baina Pilarren gosariak indarra eman dit eta oso ondo egin dut Cruz de Ferro-rako igoera. Polita da goizean ibiltzea. Gaur ez naiz oso goiz ibili ze sekulako hotza egiten zuen. 9ak hamargutxi aldera atera naiz.

Cruz de Ferron, gurutzearen magalean, laga dut Furnaseko hondartzan hartutako harritxoa, eta aurrera egin dut.

Manjarin-en tenplarioen ondorengo kontsideratzen den gizon baten ostatuan geratu naiz. Argazkitxoa bertan dagoen ikurriƱarekin eta aurrera.

Jetxiera gogorra da. Errepidez egin arren, oso azkar jeisten da, batez ere haseran. Kontuz ibili beharra dago. Hildakoak ere egon dira. Adibidez, El Acebo herrixka ederreko hilerrian txirrindulari alemaniar baten omenez egindako eskulturatxoa dago.

Molinasecara segituan iritsi naiz. Udan bainu ederra hartu nuen bertako errekan. Hotza, oso hotza zegoen orduan, eta ez dut jakin nahi orain nolaz dagoen. Kafea hartu eta aurrera.

Ponferrada laster batean pasa dut. Ez zaizkit hiriak gustatzen bidai honetan zehar eta aurrera.

Fuentes ez dakit zer herrian nengoela txirrindulari bat gerturatu zait eta solasean hasi gara, erromes izandakoa zela eta ez dakit zer gehiago. Halako batean, nere planak kontatu ostean, esan dit ez naizela Cebreirora iritsiko. “Ezetz?”. Bueno, hori egurra eman diodana bizikletari hortik aurrera!! Homo astapotrus.

Villafranca del Bierzon bazkaldu dut. Hamburger. Goxoa. Orduan oraindik ordubat terdiak ziren, beraz ondo nenbilen.

Polita izan da egun osoko ibilaldia. Aurreko urteko oroitzapen ugari.

Eman eta eman, halako batean, Las Herrerias herrira iritsi naiz. Cebreiro igoeraren hasera. Kafea hartu dut, berriz. Indarrak hartu, mailota soltatu, ura edan eta aurrera.

Igoera oso gogorra egiten da. Ordu eta hogei minutu behar izan ditut zortzi kilometroak egiteko. Baina, joder, egin dut!! Lau bat aldiz geratu behar izan dut arnasa hartu eta uda edateko. Argazki ugari egin ditut baita (bihar jarriko ditut ze 46 kbps konexioa dago hemen).

Igoera ederra eta gogorra. Bazirudien Nafarroan nengoela berriz. Guztia zen berdea eta marroixka.

Iritsi naizenean zuzenean jo dut ezagutzen nuen ostatu batera. Gaur kapritxo bat emango diot gorputzari eta bakarrik egingo dut lo, zurrungetatik urrun.

151 km bakarrik falta dira helmugarako!

Bihar… auskalo. Baina jada Galizian nago!!

Read Full Post »

Gaurko etaparen izena, Lost in Castilla izan liteke. Goizean goiz, zortzirak aldera, bizikletari emanaz hasi naiz. Hori da hotza, izugarria. Hamarretan Leona iritsi naizenean botika bateko termometroan lau gradu jartzen zituen, ba zortziretan…

Lehenengo esan beharra daukat atzoko albergeko tipoa fenomeno bat zela. Gainera eibartar ilustre bat ezagutzen zuen, Jaime Barriuso. Gaur berdina pasa zait, baina hori beranduago. Benetan gomendagarria Mansillako albergea eta bertako Wolf ostalaria.

Leon oso polita iruditu zait, bereziki katedrala. Baina gusto hori segituan joan zait, galdu egin naiz eta. GPSan ikusiko da ea zernolako bueltak eman ditudan, baina… ordu erdi inguru ibili naiz bueltaka, fletxa hori gabe.

Gero, bi aukera zeuden; bidea bitan banatzen zen eta uste det aukera txarrena hartu dudala. Ze errepide nazionaletik joan behar dut ez dakit zenbat kilometrotan. Nazkagarria bidea.

Egia esan, Puente de Orbigorarte bidea oso eskaxa izan da. Gainera, gaur, ipurdiak nahikoa dela esan du eta kexuka hasi da. Hori da min!! Krematxo bat erosi dut, ea zerbait egiten duen, baina ez dut miraririk espero.

Ondoren Astorgara iritsi naiz. Aurreko astean bertan izan ginen, Bilbo, Miren, Maria eta laurok. Denbora gutxi egin dut bertan eta aurrera jo dut.

Hemendik aurrerakoa polita izan da. Oroitzapenez betetako bidea. Murias de Rechivaldo, Santa Catalina de Somoza, … Mariarekin egin nuen bide hauxe udan. Gure lehen eguna.

Ondoren, Rabanal. Gustora sartu naiz ostatura. Pixkat nekatua, baina gustora. Eta sartzean, zas! Eibarren eskudoa!! Hemen ere Barriuso ezagutzen dute. Argazkia egin eta lasaitzera noa.

Guztira 9 ordu inguru ibili naizela uste dut eta 93 kilometro egin ditut.

Biharko etapa zalantzakoa da. Izan ere, berriz, mendi baten magalean geratu naiz. Honako honetan, Cruz de Ferro. Ikusiko dugu hankak nola esnatzen diren, eta ipurdia ere…!! Baina Cruz de Ferron pixu pixkat galduko dut, bertan utzi behar baitut Furnas-eko hondartzan hartu nuen harri koxkorra.

Ahal badut Cebreiro mitikoa ere igo nahiko nuke bihar, bestela Bierzo eskualdean geratuko naiz.

Portzierto, argazkiak Flickr-eko kontuan uzten ari naiz: hemen

Read Full Post »

Goizean bastanteko hotza egiten zuen. Atzo gaueko afari eskaxaren ondorenak pairatzen jarraitzen dut. Bi egun onen ostean, bazirudien gorputza fallatzen hasiko zela.

Carrionerako bidea errepidez egin dut. Bidea ondo zegoen eta nere ipurdiaren kexuak entzunda, bertatik joatea erabaki dut. Orain arte ipurdia ondo eduki dut, baina gaur pixkat izorratzen hasi zait.

Bidean, halako batean, Arconada herrirako desbioa. Joe, ia ia negar egin dut lehen aldiz Erreala jetsi zenetik. Arconada, Satrus, Zamora, Lopez Ufarte, Gorriz, Gajate, Alonso, … Eneee. Oraindik gogoan daukat Arconadaren penaltian Kopako finalean. Donostiara koparekin iritsi zirenean udaletxera joan nintzen eta dana.

Carrionerako 20 kilometroak azkar egin ditut, ia ia ordubetean. Gustora nengoen. Bazirudien nere uste txarrak ez zirela beteko. Ederki!!

Kafetxo bat hartu dut udaletxe ondoan. Hemengo jendeak ez dit oso sentsazio ona ematen. Ez dakit ote den nongoa naizen sumatzen dutelako, baina beno, zer egingo diogu. Orokorrean legor xamarrak dira.

Carrionetik atera eta gero “basamortuan” sartu naiz. Hala deitzen diote amaitezina den 16 kilometro inguruko zuzengune bati. Haizea atzetik zetorkidan eta ordubetean egin dut. Gogorra izan da, hala ere. Haizeak agian eragina dauka bertako jendearengan.

Ondoren, eguneko gauza ederra gertatu da. Terradillasen ura hartzen ari nintzela, oinezko erromes bat agertu da. Kontrako norabidean egiten ari zela pentsatu dut. Eta bai, hala zebilen, baina ez zuen bukatu behar bidea Orregan edo IruƱean. Jomuga, Jerusalem!! Amaro Franco du izena eta portugesa da. Ondorengo blogean idazten ditu bere abenturak: http://amarofranco.wordpress.com/ Gaurko etapan aipatu nau, beraz bere bidearen parte sentitzen naiz. Jatorra tipoa. Uztailean iristekoa omen da Jerusalema.

amaro-franco.jpg

Berak niri ondorengo argazkia egin dit. Aurreneko aldiz, Orregatik, argazki batean nago:

amaro-francok-egina.jpg

Hortik aurrera, bidea polita izan da. Baina Amarorengan pentsatzen ibili naiz, horrek bai dituela potro parea.

Gaztelan aurrera egitea errazagoa da Errioxan eta Nafarroan baino. Haizea aldeko izanda, are eta errazagoa. Nahiz eta batzutan, atzetik etorri beharrean, alde batetik ere etorri zaidan eta zaila izan den.

Eginean eginean, Mansillararte iritsi naiz. 95 km, guztira, 7 ordu eta erdi inguruan eginak. Geroz eta hobeto aurkitzen naiz. Bihar Rabanal del Caminorarte egin nahi dut. Bertan egin genuen lehen gaua Mariak eta biok udan. Polita izango da bertara iristea.

2007-11-10: Atzo ez dakit zergatik, baina ez zuen publikatu.

Read Full Post »

Sakelekoaren bitartez idazten ari naiz. Gaur eztare ez dago internetik. Oso oso gustora nago. Hankek eta bizikletak primeran erantzun dute eta 103 kilometro egin ditudala dio GPSak. Burgos utzi eta Palencian nago. Eguraldia primerakoa, aurpegi kolore ederra daukat. Ea biharkoa nola doan.

————–

2007.eko azaroak 9an eguneratua:

Mendate baten haseran lo egitearena… ez da oso ideia ona. Hankak zeharo hoztuta neuzkan goizaren haseran. Bultzaka hasi dut eguna. Zorionez oso jatorrak ziren bi frantziarrekin egin dut igoera. Hotza, kristoren hotza egiten du hemen goian.

Jetsiera polita da, Atapuercaraino iaia ez da indarrik egin behar. Hori bai, Atapuercan aldapa polita dago berriz. Hemen ere bultzaka. Joe, hau panorama. Igotzen ari nintzen bitartean tiro hotsak entzuten ziren. Haseran ehiztariak zirela pentsatu dut, baina tiro larregi ziren (edo agian ehiztari txarrak). Mapan ikusi dut militarrek bertan jolasean ibiltzen direla.

Jetsiera trialeroaren ostean Burgos kanpoan gaude, baina ez Burgosen, ze sarrera amaitezina da. Itsusia benetan. Nazional 1 errepidearen espaloitik sartzen zara.

Burgosen katedrala ikusi eta kafetxo bat hartu dut hiri kanpoaldean. Indarra eman dit beranduago.

Burgos kanpoaldean, andre bat hizketan hasi zait. Ohituta omen dago erromesekin hitzegitera eta istorioak kontatzen hasi zait. Polita izan da egin dugun bide tartea.

Eman eta eman jarraitu dut eta halako batean, Castrojeriz. Polita herria. Gaztelu eder eta guzti.

Baina aurrera egin beharra zegoen, Fromista nuen eta helmuga.

Fromistara heltzean Carod Roviraren moduan sentitu naiz. Nere kredentzialean Mikel jartzen du. Eta bertako atsoak zera dio, “Zein da zure izena, Miguel?”. Diskutitzeko gogorik ez daukat. Zera esan behar al nion? Nere izena Mikel da, hemen eta Txina popularrean? Nekatuta nengoen eta ez neukan gogorik, baina…

Gero herriko plazan afaldu dut. Gaizki, kristoren beherakoa eman dit eta. Janariak prekozinatu hoietako ematen du. Non dira amatxo eta amamaren janari goxoak!!??.

Read Full Post »

Lehengo eskerrak nere idazkariari, Berrizbeitia jauna ze herri honetan ez dago internetik. Gaur egun polita izan da, ez naiz jausi, eta ez dut gurpilik zulatu. 85 km egin ditut baina gustora nago. Ea bihar norarte iristen naizen, Burgos pasata gero ikusiko dugu.

————-

Ā 2007.eko azaroak 9an eguneratua:

Ciclos Hogar dauka izena LogroƱon bizikleta konpondu zidaten dendak. Ez dakit zer egin zioten, baina gurpilaz aparte, kanbioak ere ondo jarri zizkidaten.

LogroƱo La Grajera parkean barneratu ostean uzten dugu atzean. Parke polita halako hiri batentzako. Navarreten galdu egin naiz, herrian bertan, ez dakit ba, fletxa horia galdu eta… berriz ere plazan agertu naiz. Okindegian geratzeko aprobetxatu dut.

Najerara bidean ez dut oso ondo pasa, haizea kontra neukan eta bidea txar xamarra nuenez sentsazio tristea eduki dut.

Sentsazio txarrak laster joan dira. CirueƱa herrira gerturatu baino pixkat lehenago, aurreneko bi txirrindulariak ikusi ditut, Bruno eta Agustin, bata Vigoko eta bestea Rondakoa. Santo Domingorarte beraiekin joan naiz.

Galegoa ez nuen oso gustoko, pixkat arrazista, nahiz eta “yo no soy racista” batekin hasten zuen esaldi oro. GraƱonen bazkaldu behar zutela eta, Santo Domingoko katedralean geratu naiz. Gero ez ditut ikusi. Hori animoa, ni baino mantxoagoak badaude!!

Bizikleta ondo zebilen, nere hankak baita ere, eta burua primeran zegoen. Aurrera!! Belorado atzean utzi eta Villafranca Montes de Ocan hartu dut ostatu. Eskola zahar bat orain alberge lanetan.

Hurrengo egunerako La Pedrajaren magalean geratu naiz.

Read Full Post »

Ea, konfesatu dadila maldizioa bota didanak. Zein izan da? Ez, gaur ez naiz erori, baina 3 aldiz zulatu dut atzeko gurpila. Mekaguenlaletxe!!. Orain erietxean utzi det bizikleta, ea ondo osatzen didaten. Hori bai, hilerri ondotik pasatzena amenazu egin diot, “horrela jarraitzen badek…”.

3. aldiz zulatu dudanean jada ez neukan kamararik. Eskerrak LogroƱotik pare bat kilometrora nengoen eta bultzaka iritsi naiz, berriz ere astoa bultzaka ekarri behar.

Pena eman dit Gares atzean uzteak, herri polita. Erromesen zubia ere ederra da. Handik MaƱeru aldera joan naiz. Nere bidea hor hasi dela okertzen uste det, putzu baten gainetik pasa ostean txukuna jarri bainaiz. Ziraukin gosaria hartu dut, hau ere herri polita.

Ziraukitik aurrera bidea utzi eta errepidea hartu dut Lizarrararte, eta bertan izan dut lehen zulaketa. Gainera atzekoa, harrapazak!.

Lizarra ere Garesen tankerakoa iruditu zait. Bertako saltoki txiki batean sagar pare bat erosten nengoela, bertako andreak (50 urte bueltan) esan dit berak ere bizikletaz egina duela, guztia bidetik eta behin bakarrik egin behar izan ziola bultza, Perdonen. Ez diot sinistu nahi, ze jada ez dakit zenbatetan egin diodan bultza neronek!!

Gero Los Arcos alderako bidean, Iratxen ardoaren iturrian geratu naiz. Nahiago dut Isostarren zaporean. Vino peleon peleon!!. Azketan Pablitoren bila jardun dut, baina etzegoen inor herri osoan, lastima.

Bidetik nindoala, bigarren zulaketa. Eta hainbaten kontakizunetako berdina: maldan behera azkar-azkar, pare bat oinezko erromesi agur esan eta halako batean pufzzz. Eta konponketak egiten ari nintzela… hor non pasa diren erromesak!! Bat gutxienez geratu egin da pixkat laguntzera.

Hortik aurrera bidea eta errepidea nahastu ditut.

Esan bezala LogroƱotik gertu nengoela, berriz ere, joer, hau eguna. Oinez jetsi naiz hirirarte eta gero konpondu aldera denda batean utzi det.

Asmoa Najerara iristea zen, baina usteak erdia ustel. 70 kilometro egin ditut eta 8 ordue eta erdi ibili naiz (konponketak barne). Orain ea ondo deskantsatzen dudan, ze panorama honekin…

Aktualization: Oraintxe jaso det astotxoa dendatik, 15 euro bakarrik. Beldurra neukan ea nere egoeraz aprobetxatuko ote ziren. Llanta babesten duen zerbait egoera txarrean omen zegoen. Beste bi kamara hartu ditut badaezpada.

Bihar norarte? Hasi apostuak egiten.

Read Full Post »

Older Posts »