Ez dut uste iaia ezertan aditua naizenik. Baina pentsatu dut polita izango litzatekeela Santiago bidea dela eta idatzitako guzti honi bukaera itxuroso bat ematea. Despistaturen bat edo hemendik badabil, jarrai diezaiola gezi horiari.
Entrenamendu fisikoa
Beharrezkoa al da? Ez. Jeje, ze uste zenuen? Arratera egunero lau aldiz igotzeko esango nuela? Ba ez.
Beharrezkoa al da? Norberaren araberakoa da kontua. Bidean zaudela ipurdiko eta bizkarreko minik izan nahi ez baduzu, hobe pixkat prestatzea. Ohitu bizikleta gainean ibiltzera. Pentsa etapak ez direla bi ordukoak izaten. Luzeagoak dira, baina askoz patxada handiagoarekin hartzen da, baita (hemen argazki bat atera, han zigilua jarri, hara zein eliza polita, …).
Denboraz juxtu xamar bazabiltza, aste pare bat lehenago ibiltzearekin nahikoa izan liteke. Bidea hastean, lehen hiru egunak gogorrak egingo zaizkizu. Lasai hartu. Laugarrenerako hobeto egongo zara. Batez ere Burgos pasa eta gero aldapa gutxiago dagoelako 🙂 !.
Bizikletaz egin behar baduzu, probatu alforjekin ibiltzen. Pixkat harritzekoa da har dezaketen pixua.
Horretaz gain, ondo dago mendi bideetatik ibiltzea. Batez ere jaitsieretara ohitzeko.
Entrenamendu mentala
Fisikoa garrantzitsua da, baina buruak ez badu sinisten … jai daukazu. Santo Domingo de la Calzada inguruan tipo bat ezagutu nuen etsita zegoela, eta hori bigarren eguna zuela!?.
Burua ondo prestatu. Santiago bidea ez da lasterketa bat, baina askotan, hankak ez dabiltzanean oso santu, buruak egiten die tira gora eta behera. Lasai hartu behar da. Bideaz gozatu.
Informazioa
Internet informazioz betea dago, beraz, ez da beharrezkoa liburu bat erostea. Eroskiren webgunea oso ondo dago bai bidea ezagutzeko, bai albergeen informazioa lortzeko. Datu turistikoak ere jartzen dituzte.
Hori bai, eta hemen agian astakeria botako dut, ez kasurik egin irakurritakoari. Zergatik? Bidea, norberarena da, oso gauza pertsonala iruditzen zait.
Ikusi dudanarekin, zera esango nioke edonori: “Hasi ibiltzen (oinez edo bizikletaz), prestatua eraman ikusi dezakezuna, eta gozatu herritxo eta paisaiez, gozatu bidelagun izango dituzun erromesez, eta geratu gogoa daukazun leku hortan”.
Askotan, jendea herri nagusietan pilatzen da, gidak bertan geratzeko dioelako. Honek norberaren erritmoa aldatzen du eta, agian, bidea despertsonalizatzen du.
Nik uste dut hobe dela inori kasorik ez egitea. Irakurri eta entzun. Gauzak apuntatu eta ikasi ibilbidea. Baina, norberak egin dezala bere bidea.
Zenbat denboratan egin daiteke bizikletaz?
Ezagutzen dut tipo bat 3 egunean egin zuena. Bizkaia aldean uste det beste bat bazegoela 30 bat ordutan egin zuena.
Bidea norberarena da. Beraz, denbora ere, norberarena.
Nik bederatzi egunean egin nuen. Baina eguraldi bikaina izan nuelako. Euria egin izan balu, bideak lokaztuta egongo lirateke eta askoz mantsoago egingo nuke aurrera, beraz, egun pare bat gehiago.
Hamar edo hamaika egunean eginez gero, lasai asko ibil daiteke.
Noiz egin Santiago bidea
Txarrerako eta txarrerako, oporrak abuztuan izaten ditugu. Hauxe da sasoi txarrena Santiago bidea egiteko. Jende larregi.
Beroa ere faktore garrantzitsua da. Nik beroarekin… auskalo zenbat egun beharko nituzkeen (apusturik?).
Baina abuztuan ez egitearen aldeko argumentu nagusia jendea eta masifikazioa da. Bizikletaz zabiltzala, egin kontu aldapak azkar jeisten direla, eta oinezkoek normalean ez gaituzte entzuten, beraz era motelean jeisteko arriskuan egon liteke bizikletero erromesa.
Nik demaseko suertea eduki dut azaroan, beraz ez noa esatera hau dela sasoirik egokiena, baina… Egia esan, basoek orain duten koloreak… pena merezi du.
Bestalde, iraila, urria eta udaberria omen dira egokienak.
Bide batez, azaroa izan arren, alberge gehienak irekita zeuden eta ez dut inolako arazorik izan lo egiteko (hau Eroskiren webgunetik ondo ikasia eraman daiteke!).
Motxila edo alforjak
Hau da, eraman beharreko ekipaia.
Udazkenean joan behar nintzela eta, euriarentzako hamaika istorio neramatzan. Bat bera ere ez nuen erabili. Baina hobe eramatea.
Hauxe da eraman nuenaren gutxi gora beherako zerrenda:
- Zira edo anoraka (gorputza zein hankentzako)
- Neguko kulote luzeak
- Neguko wind-stopper mailota
- Mailot mauka luzeduna
- Bi kamixeta termiko
- Neguko eskularruak
- Zapatilak euriarengandik babestekoa bi katxarro (ez dakit ze izen duten :-), zapatila kondoiak?)
- Zapatila pare bat
- Hiru galtzerdi pare
- Txandala
- Polarra
- Kaleko kamixeta bat
- Kantzontziloak (hobe ez esatea zenbat eraman nituen :-), tanga ere eramatea nahi baduzu egin kontu oso arina dela)
- Txankletak
- Buff bat
- Txapela
- Betaurrekoak
- Lo egiteko zakua (udarako izara moduko zaku batekin nahikoa da)
- Toalla
- Garbitzeko gauzak (bai nere burua, zein arropa: albergeetan garbitu eta eskegi daiteke, amak ez du sinisten ordea!)
- Gauerako argia (ez nuen erabili)
- Erruberentzako ordezko kamerak (bloga irakurri baduzu… badakizu zer diodan, ezta?)
- Argazki kamera
- Mugikorra
- Erromes kredentziala
- Etapen informazioa
- Irakurtzeko liburua
- ta ez dakit zer gehiago, gogoratzen badut idatziko dut hementxe.
- Bizikleta 🙂
Eramateko materiala prestatzean, egin kontu bizkarrean edo bizikleta gainean ahalik eta pixu gutxien eramaten ahalegindu beharra dagoela. Oso oso garrantzitsua da. Oinez egin genuenean liburu bat eta guzti bota nuen pikutara (Manhattan Transfer, John Dos Passos; pentsa zelako kabreoa neraman hori egiteko).
Etxera buelta: bidaia eta bizikleta
Nola itzuli etxera? Aukera onena: trena. Lasai lasai zabiltza. Zazpi bat ordu. 40 euro inguru (uste det). Bertan zerbait jan daiteke, paseatu eta irakurri. Musika eramatea gomendagarria da plastaren bat ondoan suertatuz gero.
Bizikleta nola bidali etxera: bukatu aurretik, Monte do Gozo-ko albergetik pasa nintzen. Informazioa eskatu eta tipo baten telefonoa eman zidaten. Pixkat arraroa zirudien ze ez zen agentzia ez ezer. Baina merkea zen (35 bat euro). Deitu eta hoteletik pasa ziren bizikleta jasotzera. Hiru bat egunetan ekarri zidaten etxera.
Bukatzeko: jendea, barne bidaia eta liburu bat
Irakurtzea gustoko baduzu ondo etorriko zaizu. Egunak luzeak egiten dira. Beste erromesekin sortzen den giroa polita izaten da eta aprobetxatu beharra dago jendearekin hitzegiteko. Nere kasuan bezala bakarrik bazoaz, oso polita da batekin eta bestearekin hitzegitea. Bidearen gauzarik hoberenetariko bat horixe da, erromesen artean dagoen konplizitatea. Orokorrean, jende guztiak agurtuko zait: gehienek “buen camino” esanaz, eta bakarren batek “ultreia”, aspaldiko erromesek bata bestearik ziotena.
Barne bidaia, bake izpirituala. Behin lagun bati azaltzen ahalegindu nintzen. Uste det zorotzat hartu ninduela. Barne bidaia ez da biriketara eta gero este lodira bidaiatzea. Norberak egindako ibilbidean sentitzen duenaren ondorioz egiten duen aldaketa pertsonal eta emozionala izan daiteke (ostia, hau nik idatzi dut?). Halako esperientzi batek pixkat aldatu egiten zaituela uste det, beste gauza batzuk apreziatzen dituzu. Baten bat animatzen bada hau definitzera…
Ondorengo liburua eraman nuen: On the road (En el Camino), Jack Kerouac. Liburu aproposa. Oso interesgarria eta benetan gomendagarria. Hori bai dela barne bidaia. Ez baduzu irakurri, utziko dizut etxean dudana!.
Utzi erantzun bat