Iritsi naizela!!! Joe, gaurkoa ere ez da xamurra izan. Baina azkenean hemen nago, Santiagon. Hotelean nago, A Tafona do Peregrino, benetan polita. Gero zerbait gehiago kontatuko dut. Baina iritsi naiz, jaso dut nere Compostelana ziurtagiria eta bizikleta etxera bidean da. Hau poza daukadana. Orain biharko bidaia prestatzea falta da.
—————
Gaurkoa, usainen eguna izan da.
Haseran, iaia Galizia osoan dagoen usain bera eduki dut, behikaka usaina. Palas de Reitik goizeko zortzirak eta hogei aldean atera naiz. Esan beharra daukat atzoko albergearena pixkat arraroa dela. Publikoa zen, Xuntak diruz ondo hornitua, antza. Iristean, ez nuen inor aurkitu. Zain egon nintzen, zarata pixkat nahita eginda. Baina ez zen inor ageri. Halako batean neska bat agertu zen, beste erromes bat, alemaniarra edo. Esan zidan nere datuak kuadernotxo batean idazteko eta ohea hartzeko. Eta nahi izanez gero, dirua sartu zitekeen kutxa batean. Ostalari fantasmaren bat egongo al zen? Sei pertsona besterik ez geunden bertan, beraz primeran.
Melide herrira dida batean iritsi naiz. Hankak ondo, bizkarra oraindik lo eta ipurdia lasai. Melideko olagarroak fama dauka, bereziki Ezequiel jatetxekoak, baina goizeko ordu horietan… ez ba, beste baterako utzi beharko.
Gaur ez naiz erori, ez dut gurpilik zulatu, etapa aspergarria? Ez, lasai, galdu egin naiz eta, berriz. Melidetik ateratzean gezi hori bat ez dut ikusi eta aurrera egin dut. Gustora nindoan, errepide polita zenez, bikain egiten zen aurrera, baina pixkat larrituta nengoen ez nuelako inolako seinalerik ikusten. Galego bati galdetu diot eta buelta erdi eman behar izan dut. Orduerdiko lanak kakatara. Beraz, kaka usaina.
Ibilian ibilian, eukalipto basoetan sartzen hasi naiz. Geroz eta kostalderago geroz eta ugariagoak dira halako basoak. Usain polita botatzen dute, birikak ondo irekitzeko modukoa.
Etapa, gaurkoan ere, gogortxoa, batez ere gorputz laztua dela eta. 73 kilometro inguru egin ditudala uste dut, baina galduta ibili naizenak hor sartu beharra daude (zazpi bat).
Gehienbat bideari jarraitu diot, baina behin edo behin errepidearen tentaldiari ezin izan diot muzin egin. Joe, zein ondo egiten den aurrera asfalto gainean.
Lavacollako aireportura gerturatzen ari nintzela itsaso usaia nabaritu dut. Hau agian aluzinazio bat izan da, itsasoa ez baitago horren gertu, baina salitre usaina etorri zait.
Monte do Gozo. Izena primeran jarria. Baina bertara iristea ederki kostatu zait. Atzokoaren tankerako etapa izan da gaurkoa, hankak hausten dituen horietakoa. Baina iritsi naiz Monto do Gozora eta Santiagora begiratu dut. Bertan deskargatu dut barruan neraman adrenalina garrasi eder batekin (Isi, ezagutzen dozu, udan bota neban berdina:).
Laster asko jetsi naiz Santiagora. Poz pozik. Alforjek ez zuten atzerantz tira egiten, ipurdia ixiltzen hasia zen eta bizkarra amaiera aurreikusiz lasaitzen hasia zegoen.
Obradoiroko plazan sartzean konturatu naiz oraingoan ez neukala nor besarkatu, udan bezala, eta hori bota dut faltan. Lehen aldiz, bakardade hau ez dut gustoko izan. Baina telefonoari esker, laster batean bete dut nolabaitean hutsunea.
Trenaren txartela erosi dut eta bidelagun izan dudan mandoa transportista bidez etxera bidean da jada. Afaltzeko beste kapritxo bat: A Curtidoria.
Bukatu aurretik, eskerrik asko idatzi didazuen guztioi. Bai komentarioetan (kuadrila preteknologikoa daukagu hortarako, Berriz eta Isi salbu), email, mezu eta deietan animoak ematearren eskerrik asko, benetan.
Santiagon gaztaina usaina dago, gaztaina erre usaina. Suposatzen dut Eibarren ere usain bera egongo dela. Hori bihar ikusiko dut.
Laster naiz zuekin.



zorionak!
Zorionak!! Aupa zu, txapeldun!
Lizaaaaaaaaaaaaaaaaa, Santiagotik tour-era salto txiki bat bakarrik dao! Animatu zaitez gizon!
Zorionak!! Beste bat! Beste bat! Beste bat! jajaja