Garagardo bat hartzen ari naiz Palas de Reiko taberna batean. Hau nekea daukadana. Baina oso gustora nago. Helmuga bertan dago. Santiago 67 kilometro ingurura omen dago. Ahal badut bihar bertan iritsiko naiz Compostelara.
Atzokoa baino gogorragoa izan da gaurko eguna. Suposatzen dut nekearen ondorio izan dela, baina goitibehera ugari eduki ditu gaurkoak eta horrek neka-neka eginda utzi nau.
Guztira 92 kilometro inguru izan dira eta 9 orduz jardun dut.
Hasiera polita izan da, Cebreirotik egunsentia ikusten zen eta ez zuen hotz larregi egiten. Jetsierarako 15 bat kilometro zeuden, gora eta behera. Argazkia hemen eta han. Eguneko unerik onenak egunsentia eta ilunabarra dira, zalantzarik gabe. Orduan ikusten dira kolorerik politenak.
Triacastelarako jetsiera azkarra eta hotza izan da. Hotz gehiago egiten zuen behean goian baino. Azkarra izan da jetsiera, gozatzeko modukoa. Hau guztia, errepidetik, noski. Bide trialeroa gerorako utzi dut.
Triacastelan bidea bitan banatzen da, San Xil gainetik edota Samos-eko monastegitik joan gintezke. Nik azken hau hartu dut, ezagutzen bainuen. Bide honek gauza txar bat dauka, kamioiak. Inguruetan harrobi bat dago eta bertatik ibiltzen dira bueltaka sarri. Hala ere, batzutan bidea eta errepidea banandu egiten dira eta oso leku ederretatik joateko aukera izan dut, pagadi eta intxaurrondoez betetako lekuak. Behin baino gehiagotan izan dut gurpila zulatzeko beldurra gaiztanera bat zapaldu eta gero.
Samoseko monastegia Galiziako zaharrenetarikoa da eta ikusteko modukoa da. Bertan lo egin liteke, baina ordutegi bitxia daukate, ez baitute zabaltzen arratsaldeko hirurak arte. Udan sekulako ilara zegoen sartzeko. Orain ni bakarrik negoen.
Zerbait jan eta gero aurrera egin dut Sarria herrira bidean. Teorian hemen geratu behar nuen gaur, baina eguerdiko hamabiak zirenez …. eta Santiago horren gertu izanda, eman egurra! eta aurrera jo dut.
Sarriatik Portomarinerako bidea Galizia salbajetik barrena doa. Behiak eta behi kaka besterik ez dago. Noizean behin bertako tipo edo amonaren bat ikusten da, baina ez dute kaso gehiegi egiten. Badirudi ez dutela arrotz jendea gustoko. Nahiago dute beraien betiko bizitan segi eta on Manueli botoa eman, ezta?
Uste baino gehiago kosta zait Portomarinera iristea. Pena eman dit MiƱo ikusteak. Portomarin herri berria da. Zaharra urtegi batek irentsi zuen 60. hamarkadan, edo halako zerbait. Gaur ordea herri zaharraren aztarnak ikus zitezkeen. Jende guztiak berdina dio, oso euri gutxi egin duela udatik honantz. Ea egun bat gehiago eusten dion eguraldiak, eta gero, egin dezala euria, baina bihar ez, ok Santi?
Portomarineko plazan bokadillo ederra jan eta Palaserako bidea hartu dut. Ipurdiko eta bizkarreko minak jota nengoen jada, eta askotan geratu behar izan dut mina lasaitu aldera.
Baina azkenean hemen naiz eta helmuga oso gertu ikusten dut. Gorputza seko mindua izan arren, barrenean kristoren poza daukat. Hori bai, itzulera nere fisioterapeutaren esku jarri behar naiz, beharra daukat eta. Maria, noiz daukazu libre?


